XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Bi gizonak eta zakurra San Juan mendi aldera bidean zebiltzan, hango oihanetan ehiza nahiko erraz aurkitzen baitzen.

Zerua hodeitsu zegoen, oihaneko berde nonahikoaren gainean; gainera, lur menditsua zen hangoa, aldapa gora edo aldapa behera, beste aukerarik ez zegoen.

Inguruak ixilik zeuden, eta Diabloren arnas hotsa eta beren ibilerarena zen bidelagun zuten zaratarik nabarmenena, goiz osoan ez baitzioten hitz bat bera ere zuzendu elkarri.

Muino batean gora zebiltzan, eskupetak bizkarrean, eta eskuan matxete bana zutela traba egiten zuten landareak ebakitzeko.

Tontorrean zabaldi soil samarra zegoen, zuhaitzik gabekoa, eta handik zabaltzen zen ikusbitartea ez zen nolanahikoa: aurrera begira, oihan amaiezina, zelaiagoa, mendi garai zorrotz baten buelta osoan, nagusi;

berdetasunaren gainetik, platano-arbolen, palmondo luzeen eta beste zuhaitz espezie ugarien artean sakabanaturik, tamaina guztietako laino-moltsoak, lurraren ezkutuko arnasbideetatik irtenak ziruditenak; eta, gorago, zeruak eztainu kolorearen gradazio guztia erakusten zuen nahasian.

Goizeko hezetasunak inguru guztia, izaki guztiak, gauza guztiak bainatzen zituen, baita airea bera ere.

Trinidad mendizerrako inguru hura egunen batean irla osoko kakao eta kafe plantaziorik oparoena izatera irits zitekeen, oihanaren lekuan landareetarako terrazak eraikiz hango izadi jori ikutugabea gizonaren nahiaren mende jarri eta gero.

Baina gizonaren nahia betetzekotan, borroka epikoa beharko zen oihan garbiaren boterea azpiratzeko, denbora luzea orobat, eta jende askoren lan gogorra.

Gobernuak baimena emanez gero, hango egurra ateratzen hasi ahal izango ziren, koloniaren aurrerakundearen beharrak urte askotarako asetzeko adina baitzegoen bertan.

Baina orduan, eskualde miragarri hark bere hartan zirauen bitartean, milioika landare eta animaliaren erreinu inbaditugabea zen, milaka urtetan izan zen bezalaxe.

Diablo airea usaintzen hasi zen, eta arin tontorretik behera abiatu eta zuhaixka apalak eta sasi ugari zeuden alde batean sartu zen;(...)